Zarauzko Udala

ERASTOP APP-a

 

Erastop eus

ERASTOP APLIKAZIOA!

Zarauzko Udalak martxan jarri du eraso sexistei aurre hartzeko EraStop aplikazioa.
Hiru aukera ditu EraStop mugikorrerako aplikazioak: Eraso bat jasaten ari naiz, Etorri nirekin eta Salatu eraso bat. Lehenengo aukera aktibatzeko botoia sakatuz gero, berehalako abisua jasoko dute udaltzaingoek, unean bertan.

Doan deskargatu daiteke aplikazioa.

ZER DA ETA NOLA ERABILTZEN DA ERASTOP APLIKAZIOA?
Mugikorrerako aplikazio berri bat da, eta emakumeen kontrako eraso sexistak prebenitzeko balio du. Dena den, erabilera ez dago mugatuta, eta zeure burua arriskuan ikusten duzunean ere erabil dezakezu.
Deskargatzean, zure datuak sartu behar dituzu (egiazkoak); telefono mugikorraren zenbakia ondo sartzea ere funtsezkoa da, laguntza behar baduzu zuzenean zuri deitu ahal izateko.

AUKERA HAUEK DITU:

• “ABISATU POLIZIARI” botoia. Momentuko kokapenaren eta erasoaren berri emango zaio gertuen dagoen Udaltzaingoari, kasuari lehentasuna emango zaio, eta poliziaren baliabide guztiak aktibatuko dira.

• Eraso baten aurrean erabil dezakezu, edo, baita, kalean zoazela zeure burua arriskuan ikusten baduzu.

• Pantaila ukitu bezain laster Udaltzaingoan alarma joko du. Udaltzainek berehala jakingo dute pertsona hori non dagoen, eta mapa batean ikusiko dute nondik mugitzen ari den. Alarma jo bezain laster aterako dira pertsona horrengana, eta abiatzen diren bitartean deitu egingo diote.

• Aplikazio hau ez da jolas bat. Arduraz jokatu!

• Deia egiten baduzu udaltzainak zuregana joango dira, 112 deiekin egiten den bezala. Beharra duzunean bakarrik erabili, alegia, zeure burua arriskuan ikusten duzunean.

• Laguntza emateko pantaila bat, “KOKAPENA PARTEKATU” botoiarekin. Zure kontaktuen zerrendan aplikazioa deskargatuta dutenen artean aukeratu dezakezu nork lagunduko dizun, era birtualean, joan nahi duzun lekura iritsi arte. Berak mapa batean “denbora errealean” ikusiko du nondik zoazen, eta zerbait arraroa sumatzen badu, zuri edo Udaltzaingoari dei diezaioke aplikazioaren bitartez.

• Norbait laguntzen ari zaizunean, “ABISATU POLIZIARI” aukera ere izango duzu.

• Eraso bat ikusten duzunean ere dei dezakezu aplikazio honen bitartez.

EDOZEINEK JAKIN DEZAKE ZEIN DEN NIRE KOKAPENA?
Ez. Aplikazioa martxan jartzen duzunean bakarrik aktibatzen da zure kokapena. Bestela ez du kokapenik bidaltzen. Udaltzaingora deitzen baduzu, haiek bakarrik ikus dezakete non zabiltzan.
Eta “kokapena partekatu” erabiltzen baduzu, aukeratu duzun pertsona horrek bakarrik ikusiko du zure ibilbidea.

ZERGATIK ESKAINTZEN DIE PAREKIDETASUN DEPARTAMENTUAK APLIKAZIO HAU ZARAUZTARREI?
Emakumeok, emakume izateagatik, indarkeria espezifiko bat jasaten dugu: indarkeria matxista, hain zuzen ere. Beraz, indarkeria espezifikoari aurre egiteko baliabide espezifikoak jarri behar ditugu. Parekidetasun Departamentuak horregatik jarri du martxan aplikazio hau.
Emakumeok lasai, libre eta beldurrik gabe ibili nahi dugu kalean, edozein momentutan. Aplikazio honen bitartez, segurtasun handiagoa izango dugu.
Horixe da gure helburua.
Oso lagungarria izan daiteke emakumeen segurtasuna bermatzeko.

Aplikazio hau herri hauetan dago inplementatuta: DURANGO, BILBO, IRUÑEA ETA ZARAUTZ.

ERASTOP

%d bloggers like this: